XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

GURE ESKUALDEAN

- Joan den maiatzean, egun berean arrobatu zituzten bi banko, batto Tarnosen, bertzea Angelun.

Hobendunak atxemanak izan dira Frantzia behere hortan, Bar-le-Duc deitu hirian.

Bazuten bertzalde ere balentria tzarra frango eginik eskuin eta ezker.

Batto, 31 urteko gizon atrebitu bat, tiroka hasi da jandarmeak hurbildu zaizkolarik.

Kaxketadunek ere tiro eman diote eta hil dute.

Bertzea, 22 urteko mutiko gazte bat, preso ezarri dute; aitortu du denetarat bazutela dotzena bat miliunen hein hori ebatsia, diru xahar.

- Biziki ortzi bortitzak izan dira Ipar-Eskual-Herri guzian eta bereziki Hazparneko aldean.

- Pausutik hurbil, auto bat errebidetik zeiharka joan da eta arbola bati kontra xehatu.

Autozaina, Lailheugue jaun apeza, 47 urte, Landesetan erretor zena, kolpez hil da errekontru hortan.

- Urruñako ondoan, mugazainek arrastarazi dute auto bat kontrabandako zigarro askorekin.

Bi Hendaitar ziren barnean.

Aldiz ondotik heldu zen bertze auto bat aintzina joan da oldarrean; kaxketadunak tiroka hasi zaizkio bainan iheska segitu du bere bidea.

Hortan ere kontrabandixtak zitazken...

- Baionan, gauak gau su lotu da puskategi batean, Port-Neuf deitu karrikan.

Beharrik auzoak laster ohartu baitira izanik ere goizeko oren bata.

Eskaleretan nehor ez baitzitaken pasa kearen gatik, gaineko estaietan ziren zazpi lagun leihotik jali-arazi dituzte eta zurbi handietan beheti jauts-arazi, zer gerta ere segurean izan ziten.

Denen buru, ez da izan hanbateko makurrik izan zitakenaren aldean segurik gauza guti.

MUNDU ZABALEAN

- Rusiatik jin da berria eskualde hetako jendetan zaharrena, mundu guziko zaharrena ere hain segur, hil dela 168 urtetan.

Munduan gaindi haatik, ainitz mediku eta jakintsunek ez dute gauza hori sinesten.

Diote handienetik 115 urtetarat heltzen ahal dela, ez gehiago.

- Skylab deitu zeru-tresnak, hiru kosmolari barnean, aintzina segitzen du bere ibil-aldi xoragarria.

Hastean, hiru kosmolari horiek ukan zuten zonbeit buru-hauste, muntadura batzu guti aski makurtuak izanez, eta mundu guzia heien berrien beha egoki zen.

Orai, denak untsa johan baitira, orduko makurrak iduriz segurik xuxenduak izanez, guti aipu dira hiru gizon horiek.

Egun hotan haatik, Lurrerat jakinarazi dute berak lo zirelarik Skylab hortako muntadura berezi batzueri esker bazirela hartuak foto edo argazki arrado batzu.

Argazki horiek erakusten dute iguzkia arrunt kexu, suzko adar ikaragarri batzu bezala botatzen.

Aspaldian badakite funtsean jakintsunek iguzkia ez dela argi geldi bat gure begiek ikusiari fidatuz karkula ditaken bezala, bainan erakitan dagola eta batzuetan izigarriko zartatzeak izaiten direla iguzkiaren barnean.

Skylab horrek hartu argazkietarik jujatu behar, jakintsunek daukate joan den egunean izan den zartazeak bazuela ehun miliun bunba atomikak bezenbat indar!

- Angleterran egin dute bihotz-ordaintzeko operazione bat.

Eria, 56 urteko gizon bat.

Ez du haatik zonbeit oren bakar baizik ihardoki.

Egia erran, arrunt gaizki eremana zuten ospitalerat eta zonbeit egun barne hogoi aldiz huts egina zion bihotzak; aski artaren bortxaz atxikia zuten bizirik.

- Italian, cholera delako gaitza ez da baitezpada hedatu azken egun hotan bainan ez da ere garraitua.

Bi haur hil dira eritasun hori bildurik, battok lau ilabete bertzeak urte bat eta erdi.

Bortz ehun bat lagun badira oraino ospitaletan, bainan medikuen arabera gehienek gaitza frango arinki omen dute.

FRANTZIAN BARNA

- Ré deitu ugartean bada presondegi bat zointan, famaren arabera segurik bizi-moldea hein bat bortitza omen baita.

Dena dela, presunerak kexatu dira eta asaldatu zerbeit molde eztiago ardietsi nahiz.

Teilatu kaskorat iganik ibili dute zalaparta frango.

Azkenean, umildu dira ura burrustan bota baitiote gainerat eta ere jendea nigarrez ezartzen duen laspelki berezi hartarik.

Gero ageriko ixtorio horrek ukanen duen ala ez bertze ondoriorik.

- Joan den ilabetean, bihotz-ordaintzeko operazione bat egina zuten Parisen bihotzaren hartzalea, 13 urteko nexka bat, ttipitik eria.

Lau aste arras pulliki egonik, betan gaizkitu da eta hil.

Operazionea egina zuten medikuek erran dute ez dela hortan etsitu behar, eta behar-orduan gisa hortako entseguak aintzina segituko dituztela.

- Denek badakizue Versailles hirian Parisetik bi urratsetan, badela jauregi bat guziz famatua, Frantziako errege ohien bizitegia.

Aurten bezenbat jende behinere ez omen da ibili jauregi horren bisitatzen.

Bana bertze egun guziz 50 mila lagun.

Aise sobera naski afera untsa joaiteko.

Jauregi hortaz arta hartzen dutenak arrangura dira, ez jakin nola buru egin holako jendeketari.

Jendeak berriz arrangura batzu bertzen gainean direla eta ez dituztela bazterrak nahi bezen deskantsuan ikusten ahal...

- Ortzi bortitzak eta eurite ikaragarria Bordaleko aldean, lekuka harriarekin.

Mahasti frango bai eta baratze-zain batzuen funtsak azkarki fundituak izan dira.

- Nizen, hiru poliza-gizon preso altxatu dituzte beren lagunek... Nahiz ez den xehetasun handirik ageri afera hortaz, hiruak itsuski mendekatuak omen ziren Ipar-Afrikano gazte bati deus hobenik ez zuen bati naski, eta azkarki zanpatua omen zuten.

- Gers eskualdean, igande aratsean, hiru gaixtagin gazte sartu dira laborari etxe batean, anai-arreba xahar batzuen bizitegian.

Gizona itsuski jo dute eta sokaz estekatu, emaztea ere gaizki ibili, bazter guziak miatu eta nahasi, horiek oro 35 mila libera xahar atxemanik iheska joaiteko...

- S.M.I.C. delakoa, langile irabazi apalenaren izaria, goitituko da urriaren lehenean.

Oraiko ustez oreneko 530 libera xaharretan ezarriko dute.